La Sante Paris gartzelan ekintza

INFO LA SANTE

Komunikabideetan apenas oihartzunik izan ez bazuen ere, eta euskal herritar gehienak gertatutakoaren berririk ez badu ere, musikarekin egin ditudan gauza askoren artean, bereziki markatu ninduen ekimena izan zen hau. 

Presoen aldeko ekitaldi askotan parte hartu izan det, baina hauxe izan da, zalantzarik gabe, gehien markatu nauena, eta bereziena. Parisen egin izana, baimenik gabe eta isun edo okerragoren bat jasotzeko mehatsuarekin, lagun talde izugarriarekin aritzeak, beste arrazoien artean, barru barruraino markatzen zaitu. 

Aurreko egunetan gauzak ondo antolatzeko grina, gauza garrantzitsua egiten ari gineraren sensazioa eta abentura honetan bidai lagun izan nituen pertsona zoragarriekin aritzeak, berezia egin zuten ekimena.

Aurretik parte hartutako ekimen desberdinetatik, garbi nuen Euskal Herrian gauzak aldatzeko gaitasuna duen jende asko dagoela, eta apenas elkar ezagutu gabe ere, konfidantza osoa ematen dizun jendea dagoela; jende umil, langile, azkarra, zintzo eta fidela. Gizateriak etorkizun duina izan dezakeela pentsatzeko nahiko arrazoi, ustelkeri eta zaborrez betetako gizartearen oasi modura.  

Ekintza osoa kontatzeak liburua mereziko luke (ea norbait animatzen den). Badaude ekintza solidarioak jasotzen dituzten beste liburuak, zorionez (Itoitz porlanezko gezurra, Desobedientziaz ibiltzen, etab).

Guk jarraian soilik pintzelada txikia eskeiniko degu, gure esperientzitik kontatuta. 
Oraingoan ere, zoritxarrez, argazkiak faltan ditugu, beste behin ere :-(

 

ZUZEN EKINTZA ETA EKINTZA ZUZENA


2002Ko abendua. Presoen aldeko ekintza baketsuan parte hartzeko gonbitea jaso nuen. Ez nuen asko pentsatu behar izan baiezkoa eman aurretik. Ez nuen taldea osatzen zuen jendea ezagutzen eta hala ere, eurekin mundu amaierara joan nitekeen jendearen jarrera ikusita. Zorionez asko dira Euskal Herrian horrelako jarrera duten pertsonak, naiz eta komunikabideen bitartez ez ditugun ezagutuko. Konturatzerako dena antolatua zegoen eta ondo antolatua gainera. Ideiak eta burua argia duten lagun taldea elkartzeak dakarrena. Nire eginbeharra hauxe zen: ekintzaileak gartzelako paretera igo eta bertatik presoei elkartasuna adierazten zieten bitartean, musika jarri eta Paris osoan elkartasun kantuak entzun zitezela. Hauxe bai erronka. Gartzela ondoko kalean soinu ekipoa muntatu eta inungo azpiegiturarrik gabe kantuak jarri? Tira, gogora dezagun prozesua. Egun batzuk lehenako soinu ekipoa alokatu nuen. Ekipo merkea zen baina potentea. Ez nekien Euskal Herrira ekipoarekin bueltatzeko aukera izango nuen eta noiz. Ekintzaren egunaren bezperan ekipoa, soinu aparailuak, argi indar generagailua eta mahaia kaballeteekin furgonetan sartu eta Pariserako bidaia egin nuen bi lagunekin batera. Beste ekintzaileak autobusean joan ziren. Egun osoa bidaiatzen pasa eta gero Parisera iritsi ginen, eta bertan gaua pasa genuen utzi zuguten lokal batean. Goziean goiz esnatu ginen eta ekintzaren xehetasuna errepasatu eta gero martxan jarri ginen. Trastoak gartzeleraino eramateko taxi bat alokatu genuen eta hor ere komerik. Gauza guztiak sartzeko furgoneta eskatu genuen eta hara nola, Citroen xara bat bidaltzen digutela. Imajinatu egoera, 

Helburua La Santeko gartzelan preso zeuden euskal preso politikoei elkartasuna adieraztea zen eta horretarako, olentzeroz eta papa noelez jantzitako ekintzaileak gartzelako harresira igotzea zen asmoa. Imagina dezakezue, Paris hiri barruan dagoen gartzela baten muro altuetara baimenik gabe igotzea ez da kontu makala. 

 

Parisko hirigunean kokatuta da La Sante espetxea.


Filme bat egiteko modukoa izan zen guztia. Talde desberdinetan banatu ginen. Nirekin batera zetozenekin, taxia gartzela ondoko kale batean utzi eta eskuz eraman genituen soinu ekipo eta tratu guztiak gartzela frenteko etxe azpi batera. Mahaia muntatu, ekipoaren kable eta konexioa guztiak jarri eta guiness liburuan egoteko moduko denbora laburrean, soinu ekipoa prest geneukan Parisko kaleak elkartasun musikaz betetzeko. Bitartean, gartzelako paretetara igo behar zutenek, eskailera erraldoiekin eta olentzero eta bizarzuriz jantzita, gartzelako paretaren aurrean jarri ziren. Ezusteaz, polizi patrulla bat gerturatu zen (gartzela inguruan etengabe ari ziren erronda egiten). Imajinatu polizien harridura. Poliziak erreakzionatzeko denbora eduki baino lehen, ekintzaileak eskailerak muntatu eta hasi ziren gartzelako paretak igotzen. Behin goian zeudela, paretaren petril estuan eseri eta aldarrikapen pankartak zabaldu zituzten, guk gartzela barruan entzuteko bolumenean musika toipera jartzen genuen bitartean. Imajinatu iskanbila. Goizeko bederatziak edo izango ziren Parisko auzo lasai batean, asteburua eta jende guztia lotan, eta gu gartzela aurrean kriston festa antolatzen. Soinu ekipotik entzun ahal izan zen lehenengo abestia Negu Gorriak taldearen Hator Hator kantuaren bertsio indartsua izan zen. Eta ondoren, presoen eskubideen aldarrikapen kantuak, bata bestearen atzetik. Ekintza babesteko hainbat lagun elkartu ziren dantzan eta bitartean, solidarioak gartzelaren pareta goiko aldean lehioetara gerturatu ziren ppresoei animoak eta besarkadak bidaltzen... Ederra izan zen, benetan. 

 

 

Ez dakit zenbat denbora aritu ginen horrela. Festarekin hasi eta gutxira, hainbat polizi furgoi iritsi ziren, inguratu gintuzten baina ez zuten ezer egin. Gu bitartean musikarekin jarraitzen genuen. Halako batean, poliziaz betetako autobusa etorri zen. Ordurarte gu inguratzen gintuzten poliziak joan eta autobusean zetozen besteengatik ordezkatuak izan ziren. Lehen txandako poliziak gazteak eta esperientzi askorik gabekoak ziruditen, bigarren polizi olatukoak berriz, gaizto eta gogor aurpegia zuten, EEBBetako filmetako marine txapel berde horien antzera. Hauek iritsi eta berehala, euren buruetako bat gerturatu zitzaidan eta frantsesez, musika itzaltzeko agindu zidan. Nik, ez niola ulertzen eta musikarekin jarraitu nuen. Bigarren aldiz musika kentzeko agindu zidan eta nik berdin, ulertzen ez niola esanez. Ez zen hirugarren abisurik egon. Ondoan nituen bafleak hartu eta bortizki bota zituen lurrera, bafleetako kable lodietako bat ere hautsi zuen. Hori ikusita lasaitu zedila eskatu nion eta musika itzali nuen.

Autobusaren kontra eskuak gora jarri gintuzten eta banan bana katxeatu eta gero autobusera sartu gintuzten. Bitartean, suhitzaltzaileen kamioia gerturatu zen gartzela harresian igota zeudenak jeitsi ahal izateko.

Poliziaren autobusean abiadura osoan Parisko kaleetan zehar eraman gintuzten, sirena hotsak topera eta semaforoak gorriz pasatzen. Kanpotik ikusten gintuenak, autobusean terrorista harriskutsuak geundela pentsatuko zukeen, poliziek muntatu zuten xoua ikusita. Komisaldegiko ziega haundi batean sartu gintuzten ordu luzez. Aurretik guztiz biluztu arazi eta katxeo sakona egin ziguten. Gure abokatuak iritsi ziren eta poliziek esan zieten agiri bat sinatuz gero, kalean utziko gintuztela. Ez genuen inungo agiririk sinatzeko asmorik. Denbora batera, agiria sinatu gabe ere, kalean utzi gintuzten baina Frantses estatua berehala uzteko baldintzarekin. Horrela egin genuen, trasteak utzi, lagun guztiak ginela ziurtatu eta gau erdi aldera, autobusean Euskal Herrirako bide ahartu genuen, hori bai poliziak atzean jarraika genituela, bidai segurua eduki genezan ziurtatzeko edo...